.
Guztiak galdera justifikatuak baina osatugabeak berarekin ez bazeramaten antzeko beste batzuk hauek ere beharrezkoak: zer eskatzen diete sindikatuek Hezkuntza Sailari? Honek zergatik ez die bi hilabetetan erantzun? Zer dela eta gobernarien halako jarrera oztopatzailea? Aurreko kontseilariak zergatik eman zituen aginduak Euskadiko unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzako 40.000 langile baino gehiagoren legezko ordezkariekin bildu gabe? Nola arrazoitzen da harreman horien etena? Ez al da, beti, negoziatu behar lanpostuetako segurtasuna enpresen eta langileen artean? Modu nabarmen iraingarrian, zergatik saihestu ditu Kontseilaritzak sindikatuekiko bilkurak? Pandemia eta urduritasun orokorreko garai hauek boterea eman ote dio norbaiti bere kabuz jokatzeko, lan duina eta ahalik eta seguruena bermatzen duten proposamenak kontuan hartu gabe, sindikatuak baztertuta erabakitzeko?
Bi galdera sorta hauek aldi berean adieraziz gero, garbi da euskal hezkuntza gatazka zein lekutan dagoen ulertu egingo dela: hau da, alor bakoitzetiko baieztapenak inolako adostasunik gabe; aldarrikapenak, aldi batek zein besteak berehalako irtenbiderik ikusten ez duelarik; informazio kontraesankorrak egoera gero eta gehiago nahasten dutenak. Elkarguneak bilatu ordez, diferentziak ereagotzen dituzten prentsa titularrakak.
Egoera horrela erakutsita, pentsa genezake bi aldeok neurri berean garela errudun eta bioi egotzi behar zaigula egoerari irtenbidea aurkitzeko borondate urria. Baina horrela pentsatuz gero, oker egongo ginateke ondoren azalduko ditugun arrazoiengatik. Ikus dezagun, beraz, pilota teilatuko zein aldetan dagoen:
Bat. Gobernuaren bidegabekeria. Sailak erakutsi duen nagusikeria jarrera kontuan hartuta bakarrik uler daiteke, hezkuntza eragileek egin duten hautaketa: negoziatu eta entzun behar dituenak zenbaitetan aukeratu eta bestetan baztertu.
Bi. Pandemia kudeatzean inprobisazioa. Gure Hezkuntza Kontseilaritza Estatuko azkenetakoa izan da ikasturte hasierari buruzko aginduak ematen eta pandemariaren zabaltze une gorenean egin behar izan du, informazio urriaren aurrean, gizarte eskabideak eraginda. Badirudi udarako lana guztiz urria izan dela, ikasturtea egoera 1ean hasiko zelakoan, hots, normaltasun osoan.
Hiru. Jarrera inkoherentea. Sailak jokaera bikoitza erabili du: alde batetik, beste erakundeetatik dokumentazioa etorri zaion era kritikatu du (Azken Konferentzia Sektorialaren gomendioetan abstenitzeko arraoietako bat izan zen, testua bilkuraren 12 ordu lehenago jaso zutela argudiatuta, aztertzeko denborarik gabe) eta, bestetik, amore-emaile, bere kudeaketari dagokionean (Uriarte kontseilari ohiak joan den abuztuaren 28an irakurritako aginduekiko testua, bideokonferentzia hasten zen une berean jaso zuten sindikatuek, komunikabideek eta hiritarrek).
Lau. Argudioen funtsik eza. Informazio berria eskaintzea (mila irakasle gehiago kontratatzeko aukera, garbiketarako langile subkontratatuak gehitzeko negoziatzea, ikastetxeen konektabitatea hobetzea, ikastetxe bakoitzean COVID arduraduna izendatzea…) prentsa titularretan baino ez da geratuko garapen osagarririk ez badu: Sailak uztailetik jakin badaki 20 ikasle gainetiko ratioekiko gela kopurua zenbat den eta ez luke ikasturte hasierari itxaron behar esleipena egiteko; garbiketarako langileen kontratazio poltsak baditu, eta azken aste honetararte ez ditu erabili; ikastetxeek ez dakite oraindik, Internet-eko datu kudeaketen abiadura eta edukiera gehituko zaizkien; izendatu dira, azkenik, COVID arduradunak, ordu krediturik gabe, ordea; hori dela eta, funtizio hori bakoitzarenei erantsi beharko zaie.
Duela gutxiko eta asmo oneko artikulu batean Juan José Álvarez-ek1 zera zioen: pandemia garaian hezteak proiektu kolektiboa izan behar du, partekatua, gure gizartea egungo testuinguru kritikoa gainditze etorkizunera eramango duena. Ezer esatekorik ez, Bildarratz Kontseilari berria ulertzeko gai bada bere Saileko lanari, ahalik eta azkarren konpondu beharreko defizit eta hutsunez ematen diola hasiera. Sindikatuen konfiantza minimo historikotan du eta bere ardurapean dago egoera hau iraultzea.
Egungo egoera hezkuntza nahaste-borrasteaz definitzen ez badugu ere, Josep Ramonedak egiten duen bezala, egia da, egungoa bezalako ziurgabetasun garai hauetan konplizitateak bilatzen jakin behar dela leku guztietan; espiritu kolaboratiboarekin lan egin, aurrean daukaguna baino etorkizun argiagoa eraiki ahal izateko. Eta horretarako, harremanetarako malgutasuna behar da, hezkuntza Administrazioaren jarrera negoziatzailea, mugak zehaztu bai baina baita arriskuei eutsi ere eta gizarte erantzukizuna bere gain hartu, orain arte ez baitu hlrrelakorik rakutsi. Negoziatzeko lan egutegi osoa behar dugu, hasierako elkarretaratzearen hitz onak zehaztuko dituena. Ezin dezakegu elkartzeko aukera eragozten duen impasse honetan jarraitu. Irakaskuntzaren langileek ez lukete ulertuko ezta euskal gizarteak ere.